martes, 5 de julio de 2011

Ura

Nere lehen aldaketa hauxe izan da. Erabaki irmoa hartu dut sekula gehiago plastikozko ur botilarik ez erosteko.

Egia esan inoiz ez dut ohitura haundirik izan horretarako. Absurdo xamarra iruditu zait iturria irekita merke merke lor daitekeen zerbait kontsumitzeko askoz gehiago ordaindu beharra. Baina onartzen dut egin izan dudala, freskoago hartu nahiagatik batzutan, txorrotako uraren kloroa ekiditeagatik bestetan, edo taberna batean egon nahi, zerbait kontsumitu behar, eta aukera sanoena hautatu nahian.
Ba ez ba. Bukatu da.



Aspaldi erosi nuen ura iragazten duten pitxar horietako bat: Britta. Uraren gogortasun maila murrizten omen dute, eta baita kloro kantitatea ere. Bestalde, gure instalazioak zaharrak izan ezkero, urak ekarriko lituzken beruna eta kobrea ere iragazkian geratuko omen lirateke. Pitxarrak bere lana egiteko, barruan ikatz aktibodun iragazki bat jarri behar zaio, eta hau hilero aldatzea gomendatzen dute. Iragazki hauek berziklagarriak omen dira eta beste herrialde batzuetan erositako lekuan itzul daitezke erabilitako iragazkiak. Estatu espainiarrean... oraingoz ez omen dago martxan zerbitzu hori eta iragazkiak edukiontzi horira botatzea gomendatzen du Britta etxeak. Mmm ez dit balio beraz.

Ze nahi duzue esatea. Consumer-en atera zuten ikerketa baten arabera, Donostiko urak bigunak omen dira. Ez det uste gaur egun berunezko edo kobrezko ur hoditeria dugunik Donostian. Beraz kloroa baldin bada kontua...

Oraingoz zera pentsatu dut, gure etxean garai batean egiten zena egitea. Alegia, beirazko botila bat iturriko urez bete eta taparik gabe hozkailuan gorde, pixkanaka kloroa gal dezan. Eta gero ur hori beste botila txikiago batera pasatu eta poltsan eraman edo bestela gutxienez edalontzi bat sartu poltsan iturri publikoren batean ura lasai edateko.

Zer egiten duzue zuek?

Plastikozko ur botilei buruz marraztutako dokumental bat hemen: Luze xamarra da, baina nik gustoko dut:


Eta gaztelerara itzulita:

viernes, 1 de julio de 2011

Ongietorri!!

Martxan da "Gure etxean zero zabor" proiektua!!

Proiektua deitzen diot... nolabait deitzeagatik. Egia esan eztakit nola bukatuko den hau guztia baina intentzioak onak dira eta ziur bidean zerbait ikasiko dudala...



Zer da hau?
Hau gure etxean inolako zaborrik sortu gabe bizitzen ikasteko saiakeraren kontakizuna da. Hori da asmoa behintzat. Posible al da zaborrik sortu gabe eta era eroso batean bizitzea Donostian? Nik pixkanaka pixkanaka hori lortu nahiko nuke. Eta saiakera horretan, bidean ikusten eta ikasten ditudanak konpartitu nahi ditut, ideia onak eman eta batez ere jasotzeko.


Nolatan?
Ba azkenaldian gure lurraren etorkizunak gero eta gehiago kezkatzen nau. Noizbait zaborrak jango gaitu guztiok. Hori, petrolioa lehenago amaitu eta guztiok gosez akabatzen ezpagara.

Halere, praktikan ez dut ezer askorik egin ekologiaren alde. Beti pentsatu izan dut pertsona anonimo bakarraren ekarpenak ezer gutxi egin dezakela arazo erraldoien aurrean. Baina kontzientziak ez dit uzten orain arte bezala jarraitzen. Eta lagun batek utzitako liburu batek sortu dit probatzeko gogoa. Liburu honen izena "No Impact Man" da.


Nola funtzionatu nahiko nuke? 
Ba ideia, lehen esan bezala honakoa da: Etxean, gutxi gora behera bizitza normala eginez, zaborrik ez sortzea. Enaiz ari gaur egun "errefusa" esaten zaion hori ez sortzeaz. Inolako hondakinik ez sortzeaz ari naiz: Gaikako bilketako edukiontzietara ezer ez botatzeaz.

Horretarako ordea ez dut bapateko aldaketa bortitzik egin nahi. Nahiago dut pixkanaka joan. Nik etxean baditut orain arte erabili ditudan betiko produktu komertzialak eta horiek beren ontziak dituzte. Kontua ez da dena bota eta zerotik beste era batera hastea. Kontua da, gauza horiek bukatu ahala, beraiek asetzen dituzten beharrak beste era batera asetzeko bideak bilatzea, hondakinik ez sortzeko moduan.



Nola bizi izan dut gai hau orain arte?
Orain arte normalean hondakinak bereizi izan ditut. Hiru edukiontzitan: Papera - Ontziak - Beste guztia. Oraingoz ez dut organikorik bereizten.

Papera ondo aprobetxatzen saiatzen naiz. Lanean batez ere, eguneroko lanerako erabiltzen dudan kuadernoa, alde bat libre duten erabilitako folioekin osatzen dut.

Hortik aurrera, zaborra gutxitzeko nere erabaki konsziente bakarra, erosketarako karrotxoa eta behin eta berriz erabili daitezkeen poltsa batzuk erostea izan da, plastikozko poltsarik ez erabiltzeko.


Ba hoixe da dena!! Kontatuko dizuet nola dihoan!!